—
Meskita islamaren gurtza-leku nagusia da, musulmanak otoitz egiteko eta beren fedeaz ikasteko elkartzen diren tokia; bereziki taldean biltzen dira, ostiraletan, egun sakratua baita erlijio honetan. Bere funtzio nagusia erlijiozkoa den arren, meskita asko zentro komunitario, ikastegi eta zentro sozial gisa ere erabiltzen dira.
Meskitara ez da derrigor joan behar eguneko bost otoitzetarako, baina bai gomendatzen da zenbait unetan joatea (ostiral eguerdikoa garrantzitsuena da). Fededunek ortozik egiten dute otoitz, errezitazioak jarrera fisikoen sekuentziaz lagunduz. Asko baloratzen da gorputzaren eta ingurunearen garbitasuna; horregatik, otoitz egin aurretik, Wudu izeneko ikuzketa errituala (aurpegia, eskuak, besoak eta oinak urez garbitu) egiten dute.
Meskitaren diseinua aldatu egin daiteke lurraldearen arabera; batzuk oso sinpleak dira eta beste batzuk, oso landuak, apainketa artistikoez eta arkitektura bereizgarriaz. Izaten dituzte otoitzerako espazio zabala, Meka norantz dagoen adierazten duen horma-hobia (mihrab esaten zaiona) eta, sarritan, minarete bat, bertatik otoitzerako deia egiten baita. Ez dute pertsonen edo izaki bizidunen irudirik, islamiar tradizioak irudi sakratuak irudikatzea eragozten baitu. Meskitak gizonei eta emakumeei irekita daude, nahiz eta hainbat sekziotan bereizita egoten diren. Meskiten funtzioa aldatu egin da denboran zehar, elkarteen beharretara egokituz. Gaur egun, oraindik, espazio biziak eta askotarikoak dira mundu musulmanaren barruan